XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hobeto esanda, Txintxeta zen gure arazoa, baina txintxeta horrek beste bi zulo egin zizkigun: gurasoak eta notak.

Biak bat ziren, noski, nota txarrengatik mugitzen baitziren gurasoak; bestela, berdin zitzaien klasean begiak ateratzen bazizkiguten ere, aprobatzen bagenuen.

Suspenso orokorra ezin onartu hala ere.

Inola ere ez!

Hori dela eta, guraso-elkartekoek eskola-kontseiluko batzar berezia egiteko eskatu zuten, eta lehenbailehen gainera.

Hau dena zeharka jakin genuen, ez zuzenean, kontseilu horretan ikasleek ere beren ordezkariak badituzten arren gure gelakorik ez baitzegoen bertan.

Egia esan, eskola-kontseilu delako hori erabil genezakeenik ere ez genekien, atsedenaldi batean UBIko bi lagun etorri zitzaizkigun arte: kirolari itxurako neska bat eta mutil hankaluze betaurrekoduna.

- Zuetako norbait al da Janfri? galdetu zuen neskak.

- Hauxe, gabardinaduna esan zien Gorkak.

- Hi haiz 1.Bko delegatua?

- Bai.

- Begira, gu ikasleen ordezkariak gaituk eskola-kontseiluan, eta gaur bilera baterako deitu gaitiztek, zuen gelako gorabeheraren bat aztertzeko edo.